Cosima Dannoritzer zuzendaria ezaguna egin zen 2010ean zaharkitzapen programatua kontzeptua gizarteratzeagatik bere ‘The Lightbulb Cosnpiracy’ dokumentalarekin. Orain lan berri bat du esku artean, ‘Time Thieves’ (Denboraren Lapurrak) izeneko dokumentala, non azaltzen duen nola denbora, gure denbora, merkantzia berria bilakatu dela enpresa eta korporazioentzat. Zuzendariak dio “ekonomia modernoak gure denbora diru bihurtzen duela eta gero eta gehiago monetizatzeko lapurtzen digutela gure denbora”, baina gaineratzen du herritarren esku dagoela lapurtutako denbora berreskuratzeko borroka egitea.

Dannoritzer Donostian izango da datorren martxoaren 14an, osteguna (19:00etan Donostiako Udaletxean), bere dokumentala aurkezten. Emanaldiaren ondoren, zuzendari alemaniarrarekin berarekin solasteko, eztabaidatzeko eta iritziak partekatzeko aukera izango da. Gu berarekin izan gara bere lan berriaren nondik noakoak azal diezazkigun.

Pobrezia kontzeptua ezaguna da, baita pobrezia energetikoa ere. Baina zure dokumentalak txirotasun mota berri bat aurkezten du: denbora-pobrezia. Zer da?
‘Denbora pobrezia’ da denbora librerik ez daukazunean benetan inporta zaizkizun gauzei eskaintzeko: familia, lagunak, kirola eta osasuna, aisialdia, atsedena. Horietako gauza askok makinetatik bereizten gaituzte: hausnartzeko eta sortzailea izateko gaitasuna, lagun bati laguntzeko tartetxo bat edukitzea, edo erabaki bat mantso eta asko pentsatuz hartzeko denbora ‘galtzea’.

Denbora-pobreziaren arrazoia izan daiteke, adibidez, zure solata hain txikia izanik ordu extra asko egin behar izatea. Edota emakume bat lanetik etxera itzuli eta etxeko lan guztietaz eta haurretaz bera bakarrik arduratu behar izatea, bikotaren laguntzarik gabe, eta horrek zure aisialdiari zati handi bat kentzen dio. Edota zure lankideak zuk baino soldata hobea duenean eta denbora librea ‘eros’ dezakenean zerbitzu modura, baina zuk ezin duzunean gauza bera egin.

Niretzat, denbora librea edukitzea hezkuntzarako edo osasun-sistemararako eskubidea bezain oinarrizkoa da, eta horregatik, ez da diru kontua soilik, baizik eta giza-eskubideen kontu bat da.

Zer arlo ukitzen ditu martxoaren 14an Donostian aurkeztuko duzun ‘Time Thieves’ (Denboraren lapurrak)’ dokumentalak?
Dokumentalean hainbat alor lantzen dira, denbora irabazi-baliabide natural bilakatu zen garai historikoko begirada batetik (hau ez da beti horrela izan!), ekonomia modernoak gure denbora diru nola bihurtzen duen ikusi arte, gure denbora lapurtu eta diru nola bilakatzen duten azalduz. Baliabide baliotsu baina mugatu honen kontrola berreskuratzeko aukera eta moduei buruz ere hitz egiten dugu.

Zer ondorio du gugan, norbanako gisa, eta gizartearengan, pairatzen dugun denbora-lapurreta horrek?
Ondorio garrantzitsu bat da denbora lapurreta horren eraginez ez garela hain lagunartekoak edo gizartekoiak: gero eta denbora gutxiago dugu norbaiti entzuteko edo laguntzeko, eta eguneko minutu bakoitzean zerbait erabilgarria edo irabazizkoa egitera behartuak gaude, bestela, errudun sentitzen gara ‘ezer ez’ egiteagatik edo denbora ‘galtzeagatik’. Autozerbitzuaren industria nola hazten ari den ere arriskutsua iruditzen zait, nola ari garen enpresentzat dohainik lan egiten makinaren baten laguntzarekin, eta nola ari garen gure denbora oparitzen modu horretan, nahita edo nahi gabe, gure lanpostuak lapurtzen uzten diegularik. Alegia, autozerbitzua duten lekuetara gehiago joaten bagara, non kontsumitzaileak dohainik egiten duen zerbitzari, administrari edo arretarako langile baten lana, jende gehiago geldituko da lanik gabe. Zergatik kontratatuko dute norbait, kontsumitzaileari dohainik lan egin arazi badiezaiokete?

Nola borroka dezakete herritarrek, korporazioek lapurtzen dieten denbora berreskuratzeko? Zer ekintza egin ditzakegu?
Lehenik eta behin kontzientzia hartu beharra dugu eta konturatu ez grela makinak, izaki bizidunak baizik, denok dugula eskubidea gure erritmora bizitzeko, baita denbora ‘galtzeko’ eskubidea ere gure aisialdian. Eta gai sozial eta politikoa ere bada hori. Hasteko neurri egokia izan liteke ordutegi malguagoagatik borrokatzea, edota guztiontzat soldata duin bategatik.

Autozerbitzua sustatu eta dohainik lan egin araziz gure denbora lapurtzen diguten enpresei dagokienez, aukera gnezake, adibidez, makinen ordez oraindik langileak eta zerbitzariak dauden jatetxeetara edo liburu-dendetara joatea. Beti ez da garestiagoa izaten, kontrakoa saldu nahi badigute ere. Izan ere, batzuetan prezioa berbera izan ohi da. Eta ez denean, gehiago gastatzeko erabaki kontzientea har dezaket, denbora gehiago ‘erosteko’. Denboraren eta diruaren arteko truke onargarria da. Adibidez, sarrerak online erosi eta horregatik komisio bat ordaintzen dudanean, ilaran egon ordez nire lagunekin zerbait har dezaket.

Spencer Greenberg matematikariaren webgune honetan sartzea gomendatzen dut gure denborak zenbat balio duen kalkulatzeko eta denbora eta diruaren arteko elkartrukeak gure ‘denboraren ekonomian’ nola funtzionatzen duen ulertzeko.

Time Thieves’ (Denboraren Lapurrak) dokumentalaren emanaldia martxoaren 14an izango da, osteguna, arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan (sarrra irekia eta doakoa lekua bete arte). Proiekzioaren ondoren, solasaldia izango da Cosima Dannoritzer zuzendariarekin berarekin.

Elkarrizketako irudia: www.electric-llama.com