Hemen duzue programazioa: Saretuz-eko partaide ugarik ekintzak izango dituzte, Cristina Eneak, Emausek, Calcuta Ondoan etab.

http://olatutalka.eu/es/programa/por-categoria/#

Olatu Talka kultur jaialdia Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutza proiektuaren parte da, eta beraz, Hiriburutza proiektuaren balio eta edukiak gizarteratzea du helburu.
Bere berezitasuna zera da: programazioa herritarrek berek egiten dutela, beraiek bidalitako proposamenekin. Horregatik da garrantzitsua parte-hartzea: Olatu Talkaren egitaraua, hain justu, herritarren parte-hartzearen araberakoa izango baita.
Olatu Talka hiria astintzen duen jaialdia da. Izan ere, hainbat aukera ematen dituen plataforma bat baita: lankidetza-bide berriak irekitzea, espazioaren beste erabilera batzuk probatzea, artibismoaren bidez gizartearen kritika lantzea, orain arte egin gabeko praktika berriak martxan jartzea, eta artista profesionalen eta amateurren artean elkarlanerako bide berriak sustatzea. Lau edizioren ondoren, lehen hirian lekurik ez zuten jarduerak ohiko egitarauen parte bihurtu dira, eta horietako batzuk oso arrakastatsuak dira, gainera.
Parte hartu duten kultur eragile eta elkarteek kontatu digutenaren arabera, Olatu Talkan izandako esperientziaren bitartez, euren jarduerak gauzatzeko modu berriak ezagutu ahal izan dituzte, bai antolatzeko orduan beste hainbat lagunekin batera lan egin dutelako, bai espazio berrietan kokatu dituztelako. Edo, besterik gabe, euren jarduerak ikusezin izatetik ikusgai izatera pasa direla konturatu direla, eta horrek berak ekintzok gehiago garatzen jarraitzera bultzatu dituela.