Gero eta gehiago arduratzen gaituzte kontsumitzen dugun hori ekoizteko baldintzek, eta informazioa eskatzen dugu: non ekoitzi den ez soilik jaten duguna, baita janzten duguna ere, kosmetikarekin erlazionaturikoa eta abar. Hala ere, oraindik bada egiteko ugari legegintzan, gardentasunean eta etiketazioan. Esaterako, ba al dakigu zenbatekoa den produktu bakoitzak daraman karbono-arrastoa? Erosi eta kontsumituko dugun hori ekoizteko, prozesatzeko eta garraiatzeko kontsumituriko petroleo kantitatea ezagutzea bezala litzateke. Kontzientzia-begirada hau gure etxeko erosotasun-eremuetara zabal daiteke, hala nola, kontsumo elektrikora,  jatorri berriztagarria begiratuz; altzariak, elektrogailuak, edo pintura motak; baita erosten dugun objektu bakoitzaren iraunkortasuna ere, “erasotuz”, esatera ausartuko nintzateke, programaturiko zaharkitzapena.

Modu kontzientean kontsumitzea, besterik gabe, kontsumitzeko orduan burua erabiltzea da. Lehenengo eta behin, produktu edo zerbitzu zehatz hori kontsumitu edo erosteko beharra dugun pentsatzea; eta bigarrenik, kontsumitzeko gure ohituren gainean hausnartzea. Non eta zer erosi eta kontsumitu behar dugun, zein baldintzatan ekoitzi diren produktuak… egin genitzakeen galdera batzuk dira, eguneroko kontsumoan kontziente izan nahi badugu.Azken finean, aukera jasangarriak, tokian tokikoak eta gertukoak sustatu nahi ditu kontsumo arduratsuak, eta, elikagaien kasuan, ekologikoak eta garaikoak ere badirenak, ekoiztean, banatzean eta garraiatzean ingurunearekiko kaltea minimizatzeko helburuz. Gainera, kontsumo kontzientea kritikoa da personen, herrien, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak betikotzen dituen sistemarekin.Horrekin guztiarekin, kontsumo kontziente, arduratsu eta eraldatzaileak gizarte-eraldaketa sustatu nahi du ezberdintasun horiek azpimarratuko ez dituen ekoizpen eta kontsumo modelo baterantz; solidarioa, zuzena eta bidezkoa.

Nola eragiten diote gure ohiturek (elikatzekoek) planetari –larrialdi klimatikoa…– eta gizarteari oro har –txirotasuna, osasuna…–?

Kontsumitzeko gure ohiturek alde anitzeko ondorioak dituzte hala mundu-mailan nola  bertakoan. Erosteko erabakiak modu erabakigarrian eragiten du planetan, gure osasunean, hirien metabolismo ekonomikoan eta gizarte- eta genero-berdintasunean.Kontsumitzaile garenok erabakitzeko botere handia daukagu kontu horietan guztietan gertuko produktuak, ekologikoak, bidezko merkataritzakoak, artisautzakoak eta abar erostea erabakitzen dugunean edo hainbat zerbitzu kontratatzean.

Saretuz-en kontsumo eraldatzailea aipatzea dugu gustuko, zalantzarik gabe ekonomia-ereduak hiri-modeloa baldintzatzen baitu, eta beraz, modu kontzientean kontsumitzeak errealitateak eraldatzeko “boterea” dauka.

Larrialdi klimatikoari dagokionez, premiazkoa eta beharrezkoa da kontsumo arduratsu baterantz bideratzea alderdi guztietan: energia-kontsumoan, elikaduran, ehunetan, kulturan… eta horregatik Saretuz-etik Kontsumo Kontziente Arduratsu eta Eraldatzailearen Kultura sustatu nahi dugu donostiarren artean, bizimodu zuzenagoa eta bidezkoagoa izan eta ekonomia-, gizarte- eta ingurune-eraldaketan laguntzeko herrien, pertsonen, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen erauzketaren bidez. Zentzu honetan, sarea irekita dago ideiak, denbora eta ezagutzak eskainiz kontsumo arduratsuan lagundu nahi duen edozein pertsonarentzat.

Modu laburrean, erosketa jasangarria egitean kontuan izan beharreko gakoak.

Orain arte esandakoari erreparatuz, erosketa jasangarria hainbat alderdi kontuan izatea litzateke. Elikadurari dagokionez, gertuko elikagaiak kontsumitzea, tokian ekoitzirikoa eta/edo 0 km-koa; honek, adibidez, garraioaren kostua gutxitzea dakar, eta, ondorioz, gas kutsagarrien isuriketa. Bilgarriak ere gutxitzen ditugu gertuko produktuak kontsumitzearen aldeko aukera egitean, gutxi bidaiatzen den produktuak enbalaje gutxiago baititu.

Konsumo jasangarriak ez du soilik zerikusirik ahoan sartzen dugunarekin, baizik eta elikagaien ekoizpeneko jasangarritasunarekin, eta ekoizteko kontsumitzen den ura eta energia ere kontuan hartu behar da, adibidez. Erosketa jasangarria izango da jatorrian baldintza ezin hobean ekoitzi dena, eta ekoizten den landa-eremuari dagokionez, baldintza zuzenetan. Ahaztu gabe pertsonen lan-baldintzak eta emakumeen eta gizonen arteko eskubide-berdintasuna bermatzea.

Elikadurari dagokionez, lehentasuna emango diogu landare-jatorriko elikagaietan oinarritutakoari, tokian tokiko eta garaiko elikagaiak nahiago izateari. Arrain edo itsaskiei buruz ari bagara, adibidez, pentsatu bizitza-zikloak errespetatzen dituztenetan; haragi gorriaren, behin eta berriro prozesaturiko elikagaien edo edari azukredunen kontsumoa gutxitu. Garrantzitsua da zer erosiko den planifikatzea, gehiegizkoa eta ondorengo galtzea saihesteko. Erosteko aukera hauek tokiko ekonomien iraunkortasuna ere bermatzen dute. Gainera, tokiko produktuek prezio zuzenagoak dituzte, ez baitago bitartekorik. Horrela ba, trazabilitatea fokalizatuago dago.

Aldi berean, bidezko merkataritzako produktuak kontsumitzea lan- eta soldata-baldintzak duinak diren bermea da. Artisau-produktuek, bere aldetik, produktuen kalitatea eta iraunkortasuna bermatzen dute. Faktore hauek guztiek zuzenean eragiten dute gure erosketaren jasangarritasunean.

Donostian erraza da erosketa jasangarria egitea, erosoa eta osasungarria. Horregatik diseinatu dugu aipaturiko mapa, www.saretuz.eus web-aren bidez irisgarria eta kontsumitzeko beste modu bat eskaintzen duten saltoki eta zerbitzu guztiak ikusgai egin eta kokatzen dituena. Ez soilik elikadurari dagokionez, baita arropa, oinetako, kultura, zerbitzu eta abarrei dagokienez ere.

Saretuz, 2019ko ekainaren 4a