Badator kontsumo arduratsu eta eraldatzailearen triviala

Saretuzek TRIVIAL bat jarriko  du martxan Abenduak 5etik Abenduak 18 bitartean, Eguberrietako kontsumo-ereduei buruz hausnartzeko gonbidapena eginez
Parte hartzen duten guztien artean 100 euroko 10 bonu zozkatuko dira, Donostiako Kontsumo Arduratsu eta Eraldatzaileko Sareko dendetan erabiltzeko

Eguberri garaian kontsumismoak indarra hartzen jarraitzen duen honetan, Saretuzek —Donostiako Kontsumo Arduratsu eta Eraldatzailearen Sarea— gizarteari bestelako proposamen bat egiten dio: TRIVIAL bat, webgunean eskuragarri, zaintzei, kontsumoari eta energiari buruzko 12 galderako erronka planteatzen duena.

Ekimenaren helburua da agerian uztea oraindik ere beharrezkoak direla aldaketa estrukturalak, kolektiboak eta pertsonalak, gizarte-antolaketan zaintzak erdigunean jarriko dituen eta kontsumo arduratsuago eta eraldatzaileagoa bultzatuko duen ikuspegia sendotzeko.

Triviala egiten duten pertsona guztiek parte hartuko dute 100 euroko 10 bonuren zozketan. Bonu horiek Saretuz mapako Kontsumo Arduratsu eta Eraldatzaileko Sareko saltokietan trukatu ahal izango dira.

Zozketa abenduaren 19an egingo da, eta emaitzak Saretuzen Instagram profilan argitaratuko dira. Irabazleek urtarrilaren 14ra arte izango dute bonua erabiltzeko aukera.

Ekimen honen bidez, Saretuzek berresten du Eguberri garaian areagotzen den gehiegizko kontsumoaren aurrean kontsumo bidezkoagoa, jasangarriagoa eta zaintza-ikuspegiaren ardatzean oinarritutakoa bultzatzeko konpromisoa, Donostiako merkatari txikien sarea sendotuz eta kontsumo eraldatzaileak dituen irizpideak aintzat hartuz.

AZKENAK